Talde arabarreko jokalari berria komunikabide eta zaleen aurrean aurkeztua izan da Baskonia Storen.
Ofizialki Baskoniako jokalari berria da Khalifa Diop. Bere fitxaketaren berri eman ondoren, etorkizun handiko pibot senegaldarra komunikabide eta zaleen aurrean aurkeztua izan da Baskonia Storen. 21 urteko jokalariak 18 zenbakia eramango du kamisetan eta talde gasteiztarreko etorkizuneko proiektu handienetakoa izango da.
Aurkezpena hasi eta berehala, “oso pozik” azaldu da klubeko kirol zuzendaria, Felix Fernandez, Khalifa bezalako “proiekzio handiko” jokalaria datozen “bost urteetarako” fitxatzeagatik. Talde urdin-gorrian izango duen papera nabarmendu du Felixek: “Berarekin, barne joko gogorragoa eta azkarragoa izango dugu.”
Baskoniako taldearekin Euroleaguen debuta egiteko gosez iritsi da jokalari senegaldarra. “Pausoa emateko eta Euroleaguen jokatzeko prest nago”. Aurkezpenean, bere jokoa “oso fisikoa, batez ere defentsan” bezala definitu du. Gasteizera etapa berri bati aurre egiteko iritsi da jokalaria: “Kantxa barruan zein kanpoan taldeari lagundu nahi diot eta %100a emateko prest nago”.
Ekitaldiaren ondoren, Khalifak bere zale berriak ezagutzeko aukera izan du eta hauek maitasun osoa eskaini diote jokalariari.