NBAn eta EuroLeague-n esperientzia duen joko-antolatzaile italiarrak datozen bi denboraldietarako sinatu du talde gasteiztarrarekin.
Niccolò Mannion (Siena, 2001), Saski Baskoniaren joko antolatzaile berria bihurtu da. Italiako selekzioarekin internazionala eta NBAn aritutakoa, Virtus Boloniatik dator eta hurrengo bi denboraldietarako fitxatu du.
Arizonako Unibertsitatean urtebete pasa zuen 2019-20 denboraldian, Golden State Warriorsen eskutik NBAra salto egin baino lehen. Kaliforniako taldearekin, 30 partida jokatu zituen txapelketarik onenean Nikok. Urte berean, garapen ligako Santa Cruz Warriorsen, 19,3 puntu, 6,8 asistentzia eta 19,6-ko bataz besteko balorazioa erdietsi zuen.
Azken bi denboraldiak Virtus Bolonian pasa ditu 22 urteko joko antolatzaileak, aurten Euroleague jokatzeko aukera izanez. Talde italiarrarekin, 9,8 puntu, 3,1 asistentzia eta 9,4-ko bataz besteko balorazioa lortu du etxeko txapelketan, txapeldunorde bilakatuz.
Nico Mannionekin, Saski Baskoniak kalitate eta proiekzio handiko lemazain berria gehitu du.