Joan Peñarroyaren gizonek ezin izan dute Joventut gainditu.
Cazoo Baskoniak ezin izan du final laurdenetako lehen partida irabazi eta kanporaketa berdintzeko bidaiatuko du Badalonara. Erasoan gehiago asmatuta, lehen minutuetatik lortu dute abantaila kataluniarrek eta urdin-gorriak saiatu badira ere, Joventutek 0 eta 1-ekoa ezarri du.
5 eta 10-eko partzial batekin, Joventut markagailuan aurretik jarri da lehen minutuetan. Cazoo Baskoniak ezin izan du aurkariaren erasoa gelditu eta kataluniarrek 11 puntuko errenta lortu dute lehen laurdena amaitzeko hiru minuturen faltan. Lehen laurdena 16 eta 28-ko emaitzarekin amaitu da. Etxekoak hiruko marratik gehiago asmatzen hasi badira ere, aldea ondo mantendu du Joventutek. Howardek erreskadan erdietsitako hiru hirukoek, diferentzia murriztu egin dute. Atsedenaldira 39 eta 48-ko markagailuarekin iritsi da.
Bigarren zatian, Carles Duranen gizonek etxekoen saskiraketei erantzun diete eta markagailua 56 eta 67 zegoen hirugarren laurdena amaitzeko lau minuturen faltan. Cazoo Baskonia 66 eta 78 iritsi da azken hamar minutuetara. Joventuten aurka 91 eta 99-ko markagailuarekin erori dira Joan Peñarroyaren gizonak.
Datorren maiatzaren 30ean (21:00), Badalonan, kanporaketa berdintzen ahaleginduko da Cazoo Baskonia.