Joan Peñarroyaren gizonek ezin izan dute bakarkako lidertza lortu.
Intentsitate handiko norgehiagoka batean, Cazoo Baskoniak ezin izan du bakarkako lidertza lortu eta sailkapeneko bigarren postuan mantentzen da. Urdin-gorriak saiatu badira ere, ezin izan dute garaipena lortu. 15 puntu, 8 asistentzia eta 22-ko balorazioarekin, Darius Thompson izan da arabarren jokalaririk nabarmenena.
Parekotasun handiko hasiera bizi izan da Buesa Arenan. Talde gasteiztarrak partidako lehen abantailak lortu ditu (10-7) baina Bartzelonak ez du utzi alde gehiago lortzen. Lehen laurdena amaitzeko minutu eta erdiren faltan, puntu bateko abantailarekin zeuden Joan Peñarroyaren gizonak (21-20). Blaugranek erreakzionatu eta bigarren laurdenera aurretik iritsi dira (21-24). 3 eta 7-ko partzial batekin, Jasikeviciusenek aldea handitu dute (24-31). Defentsan aurrerapausoa emanez, diferentzia murriztu dute gasteiztarrek, entrenatzaile lituaniarraren hutsartea eraginez (29-34). Cazoo Baskoniak bere horretan jarraitu du eta erreskadan hainbat puntu sartuta, markagailua iraultzea lortu du (38-34). Atsedenaldira berdinketarekin iritsi da (45-45).
Aldageletatik indartsu atera da Cazoo Baskonia eta hirukoetan asmatuta, markagailuan aurretik jarri da (51-50). Tentsioa handituz joan da, baina parekotasunak bere horretan jarraitu du. Hirugarren laurdena amaitzeko hiru minuturen faltan, blaugranek aurretik jartzea lortu dute (60-62). Azken minutuetan hobeto jokatuta, kataluniarrak bederatzi puntuko aldearekin iritsi dira azken laurdenera (64-73). Joan Peñarroyarenak partidan sartzen ahalegindu dira baina Bartzelonak ondo kudeatu du diferentzia. Azkenean, 84 eta 91-eko markagailuarekin erori da Cazoo Baskonia.
Denboraldi erregularreko etxeko balantza 15 garaipen eta 2 porrotekin amaitu du Cazoo Baskoniak. Mila esker Buesa Arenara hurbildu zareten 15.208 zaleri.