Joan Peñarroyaren gizonek ezin izan dute Lenovo Tenerife gainditu (83-81) azken segundoetan.
Norgehiagokako azken segundoan erori da Cazoo Baskonia Santiago Matinen. Joan Peñarroyaren gizonek amaieraraino borrokatu badute ere, bi jaurtiketa librek eman diote garaipena Lenovo Teneriferi. 33 puntu eta 28-ko balorazioarekin, partida handia jokatu du Markus Howardek.
Neurketa hasiera txarra izan du Cazoo Baskoniak. Lenovo Tenerifek hau aprobetxatu du 6 eta 0-ko partziala ezartzeko, Joan Peñarroyaren hutsartea eraginez. Markus Howardekin dinamika aldatu egin da. Hegalekoak 14 puntu erdietsi ditu lehen laurdenean, talde arabarra markagailuan hurbiltzeko (23-21). Baskoniako jokalariak bere horretan jarraitu du eta beste hiruko batekin, markagailuan aurretik jarri da Cazoo Baskonia. Erritmoa handitu egin da eta etxekoak lau puntuko aldearekin iritsi dira atsedenaldira (44-40).
Aldageletatik bueltan parekotasunak jarraitu du, baina Joan Peñarroyaren gizonek ezin izan dute markagailuan aurretik jartzea lortu. Azken minutuetan gehiago asmatuta, Txus Vidorretarenek sei puntuko abantailarekin iritsi dira azken laurdenena (60-54). Lenovo Tenerifek hamar puntuko errenta lortu du, Joan Peñarroyaren hutsartea eraginez. Markus Howarden gidaritzapean, partidan sartzea lortu dute arabarrek. Baskonia puntu bakarrera jarri da, baina saskiraketa batekin, aldea hiru puntura eraman du Tenerifeko taldeak. Howarden hiruko ikusgarri batek markagailua berdindu egin du partida amaitzeko hiru segundoren faltan. Abromaitisek erdietsitako bi jaurtiketa librerekin, garaipena etxean gelditu da (83-81), arabarrek zuten garaipen bolada amaituz.
Joan Peñarroyaren gizonek hurrengo erronkei begiratzen diete. Endesa Ligako jardunaldi bikoitza izango du aurretik Cazoo Baskoniak. Asteazken honetan (19:00), Monbus Obradoirok Buesa Arena bisitatuko du. Astea, Fuenlabradan itxiko dute arabarrek (Igandea, 20:00).