Beste urtebetez, txapelketako PlayOff-etan izango da Cazoo Baskonia.
Baxi Manresari 107 eta 92-ko markagailuarekin irabazi ondoren, Joan Peñarroyaren gizonek hurrengo PlayOff-etarako txartela lortu dute. Fase erregularra amaitzeko zortzi neurketa gelditzen direnean, zortzi talderik onenen artean sailkatu da talde gasteiztarra.
Endesa Liga sortu zenetik, PlayOff guztietarako sailkatu dira arabarrak, aurtengoa 40. aldia izanik. Beste denboraldi batez, Ligako garaikurra lortzen ahaleginduko da Cazoo Baskonia.
Atzoko norgehiagoka irabazita, txapelketako 22. garaipena lortu dute gasteiztarrek, Endesa Ligako lidertzan kokatuz. FC Bartzelonarekin eta Real Madrilekin hainbat astez lehen postua partekatzen egon ondoren, lidertzan bakarrik kokatu da Cazoo Baskonia.
Buesa Arenan jokaturiko txapelketako 13 partidetatik 12 irabazi dute arabarrek. Lenovo Tenerife izan da talde bakarra Zurbanoko Pabiloian garaipena lortu duena.
Lidertzan mantentzeko eta PlayOff-etan kantxa faktorea bere alde izateko, zortzi hitzordu garrantzitsu izango ditu aurretik talde euskaldunak.