Taldea Euroleagueko PlayOff-etara eraman nahi dute zaleek.
Pasaden ostiraleko Fenerbahçeren aurkako neurketan bizitako giroaren ondoren, Buesa Arenak denboraldiko sarrerarik onenetarikoa erregistratuko du ostegun honetan Asvel Villeurbannek egingo duen bisitarekin. Fase erregularreko etxeko azken norgehiagokari begira, 10.000 zale baino gehiago espero dira Zurbanoko Pabiloian.
Txapelketa hasieratik zortzi talde onenen artean kokaturik egon da Cazoo Baskonia eta fase erregularra amaitzeko bi partida gelditzen direnean, bere eskura du kanporaketen fasera igarotzea. Denboraldi osoan zehar, talde arabarra ia menderaezina izan da Buesa Arenako lehietan. Orain arte, Europako txapelketan jokatu dituen 16 neurketetatik, 13tan atera dira garaile gasteiztarrak beraien zaleen babesean.
Fase erregularreko etxeko azken partida iritsi da eta zaleak 2023ko Kaunas Planaren espirituan barneratuta daude. Buesak bere itxurarik onena izan behar du. Etorri taldea animatzera!