Euskal derbia jokatu baino lehen, Cazoo Baskoniak Euroleaguen geratzen zaizkion bost finaletatik lehena jokatuko du Belgraden.
Jokaturiko azken zazpi partidetatik bost irabazita, Joan Peñarroyaren gizonek momentu onean iritsiko dira martxoaren amaierara. Real Madrilen aurka denboraldiko laugarren garaipena erdietsi ondoren, talde arabarrak Euroleagueko hurrengo erronkari begiratzen dio, fase erregularrari gelditzen zaizkion bost finaletatik lehena.
Ostegun honetan (19:00h), Dusko Ivanovicek zuzentzen duen Izar Gorriari egingo dio bisita Cazoo Baskoniak. Montenegroko entrenatzailea, gasteizetik pasa diren prestatzailerik ohoratuena, talde arabarraren Euroleagueko azken txanpa honetako lehen aurkaria izango da. Belgraden, zortzi onenen artean sailkatzeko helburua gertuago izateko, txapelketako 16. garaipena lortzen ahaleginduko dira Joan Peñarroyaren gizonak.
16 egunen ondoren, saskibaloia Buesa Arenara itzuliko da igande honetan (17:00h). Endesa Ligako lider gisa kokaturik dagoen Cazoo Baskonia, bi talde gehiagorekin berdinduta, Bilbao Basketen bisita jasoko du Euskal derbian. Hitzordu gogorra talde bizkaitarraren aurka. Bertan, Endesa Ligako erreskadako zazpigarren garaipena lortzea bilatuko dute arabarrek.