Euroleagueko Play Off-etan sartzeko borrokan, Joan Peñarroyaren gizonek erronka garrantzitsu bati egin beharko diote aurre Maccabiren kantxan.
Europako saskibaloiko bi erakundek ostegun honetan (20:05h) neurtuko dituzte indarrak Menora Mivtachim Arenan. Cazoo Baskoniak Maccabi izango du aurkari Turkish Airlines Euroleagueko 29. jardunaldian. Garaipen eta porrot berberekin, Play Off-etako postuetan sartzeko lehia bete-betean murgilduta daude bi taldeak.
8º Maccabi Playtika (15 garaipen eta 13 porrot): Pasaden astean Fenerbahceren eta Anadolu Efesen aurka garaipena lortu ondoren, momentu onean iritsiko da norgehiagokara Israelgo taldea. Etxean jokaturiko 13 partidetatik 11 irabazita, txapelketako etxeko talderik onena da. Lorenzo Brown (16,5-eko balorazioa) eta baskoniako jokalari ohi Wade Baldwin (15,9-ko balorazioa) dira Oded Kattashek zuzentzen duen taldearen jokalaririk nabarmenenak.
6º Cazoo Baskonia (15 garaipen eta 13 porrot): Azken hiru partidetatik bi irabazita iritsiko dira norgehiagokara Joan Peñarroyaren gizonak. Euroleagueko talderik saskiratzaileena da (86,6) eta pasaden astean Madrilen egin zuen moduan, etxetik kanpo garaipen berri bat lortzen ahaleginduko da. Europako azken hiru neurketetan bataz beste 18 puntu, 12 asistentzia eta 28,3-ko balorazioa lortuz, Darius Thompson da taldeko jokalaririk nabarmenena.
Norgehiagoka klasiko bat Play Off-etako postuetan sartzeko helburu argia duten bi taldeen artean. Cazoo Baskoniak eta Maccabi Playtikak 34 aldiz neurtu dituzte indarrak eta garaipenen balantza 17na berdindurik dago.