Talde frantziarraren nagusitasun fisikoa gailendu da norgehiagoka parekatu batean
Amaieraraino borrokatutako partida batean, AS Monakoren aurka erori da Cazoo Baskonia. Azken minutuetan erabaki da neurketa, eta talde arabarrak ezin izan du asteko bigarren garaipena lortzerik izan. 20 puntu, 12 asistentzia eta 28-ko balorazioarekin, Darius Thompson izan da Baskoniako jokalaririk nabarmenena.
Joan Peñarroyaren gizonek ondo ekin diote norgehiagokari. Defentsa bikain batekin Monakoren saskiraketak galarazi eta partidako lehen abantailak lortu ditu (7-2). Erasoko jokoan aurrerapausoa emanez, frantziarrak puntu batera gerturatu dira (13-12). Erreskadan lau hiruko erdietsita, etxekoak markagailuan ihes egin dute Sasa Obradovicen hutsartea eraginez. Monako diferentzia murrizten ahalegindu da baina lehen laurdena bost puntuko aldearekin amaitu du Cazoo Baskoniak (28-23). Bigarren laurdeneko lehen minutuetan, talde arabarraren defentsa gailendu da eta horrek markagailuan aurretik jarraitzeko balio izan dio. Monakoren intentsitateak diferentzia murriztu eta aurretik jartzeko balio izan dio atsedenaldira iristeko hiru minuturen faltan (40-41). Aldageletara 47 eta 52ko markagailuarekin iritsi da.
Atsedenalditik bueltan erdietsitako bi hirukori esker, talde arabarraren energia berritu egin da. Parekotasunak bere horretan jarraitu du baina erreskadan lortutako beste bi hirukori esker, markagailuan aurretik jartzea lortu du Cazoo Baskoniak (67-64). Darius Thompsonen gidaritzapean, aldea zazpi puntuetara eraman du etxeko taldeak. Frantziarrak aurrerapausoa eman eta azken laurdenera puntu bateko errentarekin iritsi dira (73-74). Talde arabarra partidaren agintea hartzen ahalegindu da baina azken minutuetara parekotasun handiarekin iritsi da (81-81). Joan Peñarroyaren gizonek amaieraraino borrokatu dute baina ezin izan dute neurketa irabazterik izan (93-102).
Cazoo Baskoniak asteko hirugarren eta azken erronkari begiratzen dio. Talde arabarrak Coosur Betisi egingo dio bisita Endesa Ligako jardunaldi berri batean (Igandea, 17:00h).