Real Madrilen, Monakoren eta Coosur Betisen aurka neurtuko dira Joan Peñarroyaren gizonak
Valentzia Basketen eta Coviran Granadaren aurka garaipena lortu ondoren, arabarrek aste berriko hiru erronkei begiratzen diete. Lehen partida Madrilen jokatuko dute (Asteartea, 20:30h), Euroleagueko jardunaldi berri baten barruan. Hiru egun geroago, bigarren Europako neurketan, Monakoren bisita jasoko dute Buesa Arenan (Ostirala, 20:30h). Astea, Sevillan itxiko dute Betisen aurka (Igandea, 17:00h).
Gasteiztarren lehen aurkaria Real Madril izango da. Play Off-etako postuetan mantentzeko helburuarekin bidaiatuko dira Joan Peñarroyaren gizonak. Denboraldi honetan bi aldiz neurtu dira elkarren aurka, biak Buesa Arenan, eta guztietan lortu du garaipena Cazoo Baskoniak. Etxetik kanpoko sentsazio onak berreskuratzen ahaleginduko dira arabarrak.
Joan Peñarroyaren gizonak Zurbanoko pabiloira itzuliko dira, ostiralean, Monakoren aurka Euroleagueko jardunaldi berri bat jokatzeko. Txapelketako etxeko talde onenetarikoa da Cazoo Baskonia, orain arte jokaturiko 13 partidetatik 11 irabazi baititu eta Frantziarren aurka garaipen berri bat lortzeko helburua izango du. Bien arteko Europako laugarren lehian, garaipenen balantza berdintzea bilatuko dute arabarrek.
Astea Betisen etxean itxiko dute Endesa Ligako jardunaldi berri batean. Sevillan, txapelketako 18. garaipena erdiesten ahaleginduko dira Joan Peñarroyaren gizonak. Luis Casimirok zuzentzen duen taldearen aurka jokaturiko joaneko norgehiagokan, 107 eta 103-ko markagailuarekin atera ziren garaile arabarrak. Jaitsiera postuetatik aldentzen lagunduko dion garaipenaren bila aterako dira andaluziarrak. Gasteiztarrak aldiz, sailkapeneko goi aldean mantentzeko helburua dute.
Hiru partidako astea du aurretik Cazoo Baskoniak. Etxetik kanpo irabazi eta bi txapelketetako sailkapenean ondo mantentzeko unea da.