Granadaren aurka 105 eta 81-eko markagailuarekin gailendu ostean, Endesa Ligako 17. garaipena lortu dute Joan Peñarroyaren gizonek
Txapelketako etxeko talderik indartsuenetako bat dela berretsi du Cazoo Baskoniak. Granadaren aurka Endesa Ligako 17. garaipena lortu dute arabarrek eta duela bost hilabetetik ez dute Ligako partidarik galdu Buesa Arenan. Talde garaipen bikain batean, zazpi jokalaririk gainditu dute hamar puntuko balorazioaren langa. 19 puntu, 6 errebote eta 25-eko balorazioarekin, Maik Kotsar izan da taldeko jokalaririk nabarmenena.
Joan Peñarroyaren gizonak erritmo gutxirekin atera dira neurketara eta hori baliatu dute andaluziarrek 3 eta 10-ko partziala ezartzeko. Entrenatzaile katalanak huts artea eskatu ondoren iritsi da etxekoen susperraldia, aldea bi puntura murriztuz (10-12). Gasteiztarren aldaketek eragina izan dute eta lehen laurdenaren amaierara abantailarekin iritsi dira (22-19). Baskoniak erritmoa handitu du eta 19 eta 7-ko partzial batekin, diferentzia hamabost puntura eraman du (41-26). Granada aldea murrizten ahalegindu bada ere, atsedenaldira errenta politarekin iritsi dira Joan Peñarroyaren gizonak (56-39).
Baskoniaren erasoko joko onak jarraipena izan du bigarren zatian. Abantaila ondo kudeatuz, azken laurdenera 79 eta 63-ko markagailuarekin iritsi da. Puntuen erritmoa jaitsi egin da eta erreskadan hiru hiruko saskiratuz, aldea murriztea lortu dute andaluziarrek. Neurketako azken minutuetan, lehen taldearekin debuta egin du Pavel Savkovek. Aurrerapausoa emanez, Joan Peñarroyaren gizonek garaipena lortu dute 105 eta 81-eko markagailuarekin.
Endesa Ligako 17. garaipena lortuta, aste berriko hiru erronkei begiratzen dio Cazoo Baskoniak. Asteartean (20:30h), Real Madrilen aurka Euroleagueko jardunaldi berri bat jokatuko du. Hiru egun geroago (Ostirala, 20:30h), berriz ere Europako partidan, Monakoren bisita jasoko du Buesa Arenan. Astea ixteko (Igandea, 17:00h), Joan Peñarroyaren gizonek Coosur Betisi egingo diote bisita Endesa Ligako 22. jardunaldian.