Euroleagueko 14. garaipena lortuz, Play Off postuetan mantentzen dira Joan Peñarroyaren gizonak
Partida garrantzitsua zuen aurretik Cazoo Baskoniak eta honek ez du hutsik egin. Valentzia Basketen aurka 114 eta 75-eko markagailuarekin gailendu ostean, Play Off-etako postuetan mantentzen dira arabarrak. Txapelketako etxeko talderik onenetarikoa zergatik den erakutsiz, Euroleagueko 14. garaipena erdietsi dute Joan Peñarroyaren gizonek. Talde garaipen bikain batean, zazpi jokalarik gainditu dute hamar puntuko balorazioa. 24 puntu, 6 errebote eta 31-ko balorazioarekin, Daulton Hommes izan da taldeko jokalaririk nabarmenena.
Parekotasun handiko hasiera bizi izan da Buesa Arenan. Erasoko jokoan gehiago asmatuz, Valentziarrak markagailuan aurretik jarri dira (12-15). Defentsa on bati eta Daulton Hommes handi bati esker, aldea irauli eta aurretik jartzea lortu du Cazoo Baskoniak lehen laurdena amaitzeko hiru minuturen faltan (21-17). Laurdena, talde arabarraren abantailarekin amaitu da (27-24). Joan Peñarroyaren gizonek diferentzia handitzeko gaitasuna izan dute. Alex Mumbruren gizonek aldea murrizten ahalegindu badira ere, etxekoen erasoko jokoak agindu du. Darius Thompsonen gidaritzapean, bederatzi puntuko errentarekin iritsi da Cazoo Baskonia atsedenaldira (57-48).
Lehen zatiko intentsitate berdinarekin atera dira arabarrak aldageletatik eta 8 eta 2-ko partzial batekin, aldea 15 puntuetara eraman dute. Konfiantza askorekin jokatuz, azken laurdenera 81 eta 64-ko markagailuarekin iritsi dira gasteiztarrak. Hiruko jaurtiketetan asmatuz, aldea 34 puntuetara eramatea lortu dute partida amaitzeko lau minuturen faltan. Azkenean, 114 eta 75-eko markagailuarekin atera da garaile Cazoo Baskonia.
Play Off-etako postuetan mantentzeko garaipen garrantzitsua lortu du talde arabarrak. Asteko lehen erronka gaindituta, Endesa Ligako jardunaldi berri bat ate joka dute Joan Peñarroyaren gizonek. Igande honetan (20:00h), Coviran Granadaren aurka, gaurkoan lortutako balentria errepikatzen ahaleginduko dira.