Joan Peñarroyaren gizonek ezin izan dute talde italiarra gainditu
Etxetik kanpo jokaturiko partida gogor batean, gasteiztarrak Sergio Scariolok zuzentzen duen taldearen aurka erori dira. Amaieraraino borrokatu badute ere, 88 eta 83-ko markagailuarekin amore eman dute. 25 puntu, 7 errebote eta 31-ko balorazioarekin, Rokas Giedraitis izan da taldeko jokalaririk nabarmenena.
Erasoan gutxi asmatzen hasi da Cazoo Baskonia eta aukera ondo aprobetxatu du talde italiarrak neurketako lehen aldeak lortzeko (9-0). Arabarrak baina, suspertu egin dira eta 2 eta 13-ko partzialarekin, bost puntuko aldea eskuratu dute lehen laurdena amaitzeko bi minuturen faltan. Rokasen eta Daultonen gidaritzapean, 10 eta 9 puntu, lehen hamar minutuak aurretik amaitu dituzte gasteiztarrek (16-19). Italiarrek, Baskoniaren erasoko hutsak baliatuz, markagailua iraultzea lortu dute bigarren laurdenaren hasieran. Bi taldeen arteko parekotasuna mantendu egin da eta Sergio Scarioloren taldea hiru puntuko aldearekin iritsi da atsedenaldira (44-41).
Lehen zatiko intentsitatea mantenduz atera dira aldageletatik italiarrak eta aldea zortzi puntura eramatea lortu dute (56-48). Erasoko jokoan aurrerapausoa emanez, markagailua berdindu du Cazoo Baskonia (58-58). Azken hamar minutuetara 68 eta 62-ko markagailuarekin iritsi da. Aldea bederatzi puntura eraman du Virtusek azken laurdenaren hasieran. Joan Peñarroyaren gizonak partidan sartzen ahalegindu dira baina azkenean 88 eta 83-ko markagailuarekin amore eman dute.
Cazoo Baskonia hurrengo asteko erronkei begira ari da. Ia hilabete bat Buesa Arenan jokatu gabe egon ondoren, bi partida jarraian jokatuko ditu Zurbanoko Pabiloian. Ostiralean (20:30h), Euroleagueko jardunaldi berri bati ekingo dio Valentziaren bisita jasoz. Astea, Granadaren aurka itxiko du (Igandea, 20:00h).