Finalerdietara sailkatzeko helburuarekin, anfitrioiaren aurka neurtuko ditu indarrak talde gasteiztarrak
Cazoo Baskoniarentzat beti berezia izan den txapelketa iritsi da. Ostiral honetan, Errege Kopako edizio berri bat jokatuko du, bere historiako 38. hain zuzen ere. Finalerdietarako txartela eskuratzeko helburuarekin, Joventuten aurka neurtuko dituzte indarrak Joan Peñarroyaren gizonek ostiral honetan, otsailak 17 (21:30). Txapelketa honetan beraien aurka bederatzi aldiz jokatuta, ondo ezagutzen diren bi talde arituko dira aurrez-aurre. Norgehiagoka hauetatik zazpitan atera da garaile Cazoo Baskonia eta bitan Joventut.
Badalonako taldearen aurkako final-laurdenetan dena emateko helburu argiarekin iritsiko da Gasteizko taldea kopara. Finalerdietarako txartela sarituko duen lehia izango da. Une bikainean aurkeztuko da Cazoo Baskonia. Unicajari partida gogor batean irabazi eta Endesa Ligako 16. garaipena eskuratu ondoren, duela bi urte Joventuten aurkako balentria errepikatzea izango dute helburu gasteiztarrek. 2021-eko Errege Kopan, aurtengo edizioan moduan, final-laurdenetan jokatu zuten eta 96 eta 87-ko markagailuarekin atera zen garaile Baskonia.
Txapelketako erasorik nagusienetako bat da Cazoo Baskonia. Bataz beste 90,35 puntu eginez, talderik saskiratzaileena da. Hiruko jaurtiketetan ere nabarmentzen da talde arabarra. Hiruko gehien erdiesten dituzten sailkapeneko bost jokalari onenen artean kokaturik dauden Markus Howard eta Daulton Hommesen lidergoarekin, partidako 12,25 hiruko saskiratzen ditu taldeak. Bestalde, asistentzia gehien banatzen dituen hirugarren jokalaria da Darius Thompson.
Carles Duranek zuzentzen duen taldeak denboraldi bikaina egin du orain arte. Anfitrioia bada ere, merezimendu osoz lortu du Errege Koparako txartela. Azken aste hauetan, Zalgirisetik iritsi den Vladimir Brodziansky fitxatu du barruko jokoa indartzeko helburuarekin. 18,5-eko eta 12,5-eko bataz besteko balorazioarekin, Ante Tomic eta Andres Feliz dira Badalonako taldearen liderrak. Joventuten beste izen garrantzitsu batzuk Henry Ellenson (9,9 puntu) eta Baskoniako jokalari ohi Pau Ribas (7,7 puntu) dira.
Larunbatean jokatuko den finalerdietarako txartela lortzeko helburuarekin, lehia oso bizia espero da. Gasteiztarrek, duela bi urte lortutako balentria errepikatu eta titulutik pauso bat gertuago egon nahi dute.