Azken minutuetan erabakitako neurketan, talde arabarrak ezin izan du Armani Milan gainditu
Parekotasun handiko lehia batean, 89 eta 83-ko markagailuarekin erori dira Milanen Joan Peñarroyaren gizonak. Partida amaiera hobeago bat eginez dekantatu du bere alde norgehiagoka talde italiarrak. 18 puntu, 6 errebote eta 24-ko balorazioarekin, Rokas Giedraitis kapitaina izan da arabarren jokalaririk nabarmenena.
Neurketako lehen saskiratzea Cazoo Baskoniak lortu badu ere, hasiera hobeagoa eman dio Etorre Messinaren taldeak (8-2). Lehen laurdenean asko asmatu duen Darius Thompsonek (10 puntu lehen minutuetan) partida berdintzea lortu du. Max Heideggerren debutarekin amaitu dira parekotasun handiko lehen hamar minutuak (18-17). Erasoan aurrerapausoa ematen ahalegindu da talde arabarra, baina Milanekoek bere aldea zertxobait handitzea lortu dute. Korrika eginez norgehiagoka berdintzea lortu dute Joan Peñarroyaren gizonek. Laurden amaiera on batean, sei puntuko aldearekin iritsi dira atsedenaldira Italiarrak (40-34).
Aldageletatik bueltan gidoia errepikatu da. Etxekoak aldea handitzeko helburuarekin atera dira baina diferentziari ondo eutsi dio Cazoo Baskoniak. Bi taldeak defentsan gehiago estutu dute eta parekotasun handiarekin iritsi da azken hamar minutuetara (62-60). Laugarren laurdenean saskiratzeak trukatu dituzte bi taldeek. Inork ez du partida apurtzea lortu eta markagailuan berdintasun handiarekin iritsi dira azken minutuetara. Amaiera hobeago batekin, garaipena lortu du Armani Milanek (89-83).
Ia atsedenerako betarik gabe, hurrengo erronkei begiratzen diete Joan Peñarroyaren gizonek. Asteko Euroleagueko bigarren neurketan, talde arabarrak Panathinaikosen bisita jasoko du ostiral honetan (20:30) Buesa Arenan. Astea etxean itxiko dute Casademont Zaragozaren aurkako Endesa Ligako norgehiagokan (Igandea, 17:00).