Murtziaren aurka, Endesa Ligako 14. garaipena erdietsi dute Joan Peñarroyaren gizonek
Cazoo Baskoniak 80 eta 87-ko markagailuarekin irabazi dio Sito Alonsok zuzentzen duen taldeari. Arabarrak, partida osoan zehar nagusi izan dira bigarren itzuliko lehen garaipena lortuz. Gasteiztarren lau jokalarik gainditu dituzte 10 puntuko balorazioa. 25 puntu, 3 errebote, 2 asistentzia eta 25-eko balorazioarekin, Vanja Marinkovic izan da partidako jokalaririk onena.
Lehen minututik bikain ekin diote norgehiagokari Joan Peñarroyaren gizonek. Vanja Marinkovic-en gidaritzapean, 9 eta 16-ko partziala ezarri dute, Sito Alonsoren hutsartea eraginez. Etxekoek 10 eta 5-eko partzialarekin erreakzionatu badute ere, lehen laurdena Cazoo Baskoniarentzat izan da (19-23). Murtziarrek aurrerapausoa eman dute eta talde arabarreko jokalari ohi Ilimane Diop bikain batekin, markagailua iraultzeko gai izan dira (33-31). Neurketaren kontrola berreskuratuta, aldeko markagailuarekin iritsi dira atsedenaldira Joan Peñarroyaren gizonak (36-41).
Aldageletatik bueltan, defentsan gehiago estutu dute etxekoek. Puntuak saskiratzeko arazoak eduki ditu Baskoniak eta hori baliatu dute Murtziarrek aldea 3 puntura murrizteko. Zalantzazko minutu batzuen ondoren, partidaren agintea hartu eta azken laurdenera zazpi puntuko aldearekin iritsi dira gasteiztarrak (56-63). Neurketaren intentsitateak bere horretan jarraitu du. Etxekoak aldea murrizten ahalegindu badira ere, ondo kudeatu du diferentzia Cazoo Baskoniak.
Euroleagueko hitzordu bikoitza izango dute arabarrek aste berri honetan. Asteartean (19:00), Milanera bidaiatuko dute eta hiru egun geroago Panathinaikosen bisita jasoko dute (Ostirala, 20:30). Gasteiztarrek etxean itxiko dute astea Casademont Zaragozaren aurka (Igandea, 17:00).