Talde kataluniarraren aurka erori da Cazoo Baskonia Euroleagueko jardunaldi berri batean
Amaieraraino borrokatu badute ere, talde kataluniarraren aurka galdu dute Joan Peñarroyaren gizonek. Azken hamar minutuetara puntu bateko galerarekin iritsi badira ere, errebotearen kontrolarekin, markagailuan aldentzeko jaurtiketa aukera gehiago izan dituzte Sarunas Jasikeviciusen gizonek (78-85). 16 puntu, 6 errebote eta 23ko balorazioarekin, Tadas Sedekerskis izan da talde gasteiztarreko jokalaririk nabarmenena.
Bartzelonak partidako lehen errentak lortu ditu erreskadan bost hiruko erdietsi ondoren. Egoera honek Joan Peñarroyaren hutsartea eragin du eta hortik aurrera iritsi da etxekoen susperraldia, 9 eta 0ko partzialarekin, aurretik jartzea lortuz. Erasoko jokoa nagusituz, parekotasun handiarekin amaitu da lehen laurdena (28-28). Defentsa on bat ezarriz, beraren aldeko errenta lortu du Bartzelonak baina hainbat saskiratzeren ondoren, diferentzia bost puntura murriztea lortu du etxeko taldeak atsedenaldirako minutu baten faltan. Aldageletara 40 eta 47ko markagailuarekin iritsi da.
Defentsa lana hobetuz, aldea bi puntura murriztea lortu dute Joan Peñarroyaren gizonek atsedenalditik bueltan eta azken hamar minutuetara puntu bateko galerarekin iritsi dira (63-64). Azken laurdenean, errebotearen kontrolarekin, markagailuan aldentzeko jaurtiketa aukera gehiago izan dituzte kataluniarrek. Azken momenturaino borrokatu badute ere, Buesa Arenako Euroleagueko urteko lehen partida Bartzelonaren alde atera da (78-85).
Ia atsedenik gabe, bere hurrengo erronka ate joka du Cazoo Baskoniak. Talde arabarrak Santiagon amaituko du astea Monbus Obradoirori bisita eginez (Igandea, 12:30h). Lehen itzuliko azken neurketan, sailkapenaren lidergoan jarraitu nahi du talde arabarrak.