Edizio honetako bost finalistetako bat izateko aukeratu dute talde arabarrak bultzatutako proiektua
Bihotzeko Endesa Liga programako bost proiektu finalistetako bat izateko aukeratu dute Baskonia Mixed Ability. Adimen-urritasuna duten edo ez duten pertsonek osatutako emakumezkoen saskibaloiko talde bat eta gizonezkoen beste bat sortuta, aitzindaria da mundu mailan. Lorpen honekin, beste aitorpen bat egiten zaio Gasteizko taldearen lanari.
Kirolaren barruan desgaitasunen bat duten eta ez duten pertsonen arteko bizikidetzarako gune bat irekitzeko espiritua indartu egiten du Bihotzeko Endesa Liga programarako finalistetako bat izateak. Proiektuaren xedea, pertsona guztiek aukera berdinak izango dituzten gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoa lortzea da.
Mundu justuago bat eraikitzeko helburuarekin sortu zen Mixed Ability proiektua 2021. urtearen amaieran. Urteak daramatza talde arabarrak kezka horrekin, eta saskibaloia bezalako kirol baten bidez gizartea hobetzea du helburu. Inklusioa, berrikuntza eta kalitatea funtsezko zutabe dituzten bi talderekin.
Geroztik, hobekuntza eta aurrerapauso handiak eman dira bi taldeek jokatu dituzten lagunartekoekin. Eskualdeko ligako Toju eta Urgatzi taldeen aurka neurtu ditu indarrak emakumezkoen taldeak. Aldiz, pasaden abenduaren 30ean jokatu zuten azken partida gizonezkoek Buesa Arenan Larrainen aurka.
Emakumezko eta gizonezko 20 jokalarik osatzen dute Mixed Ability proiektua. Aldabeko gizarte etxean astero entrenatzen duten proiektuaren arduradunaz gain, 3 entrenatzaile eta integratzaile sozial bat ere badaude.
Bihotzeko Endesa Ligari buruz
Endesa eta ACBren programa soziala da Bihotzeko Endesa Liga. Saskibaloiaren balioen bidez eraldaketa soziala bultzatu nahi duen proiektua: berdintasuna, jasangarritasuna, laguntasuna eta ahalegina.
Estatu mailan ikusgarritasun handiagoa lortzeko aukera ematen du finalistetako bat izateak. Talde arabarraren barruan urratsak ematen jarraitzeko modu bat.
Neurketak Zaballako Espetxean
Baskoniako Mixed Ability taldeen partiden egutegiaren barruan, datorren asteazkenean, urtarrilak 18, bi taldeak Zaballako espetxera joango dira bertan espetxeraturik dauden lagunen aurka bi lagunarteko partida jokatzera.