Txapelketako urteko azken partidan, Rio Breogani 77 eta 86ko markagailuarekin irabazi dio talde arabarrak
Lugon jokatutako norgehiagoka aurrera aterata, Endesa Ligako hamargarren garaipena eskuratu du Cazoo Baskoniak. Bigarren zati zaila izan badute ere, ondo kudeatu dute lehen laurdenetik lorturiko aldea Joan Peñarroyaren gizonek . Tadas Sedekerskis izan da arabarren jokalaririk nabarmenena, 11 puntu, 9 errebote eta 22ko balorazioarekin.
Erasoan asmatuz hasi dute partida Joan Peñarroyaren gizonek. 9-16ko partzialak etxekoen entrenatzailearen hutsartea ekarri du. Partida gelditzeak ez du Lugoko taldearen susperraldia ekarri eta lehen laurdena13 eta 25 markagailuarekin amaitu da. Lehen minutuetan arazoak izan ostean, partidako alderik handiena lortu du talde arabarrak bigarren laurdenaren erdialdean (18-34). Veljko Mrsic-ek zuzentzen dituen jokalariek aldea zertxobait murriztea lortu dute atsedenaldirako (32-41).
Aldageletatik bueltan, etxeko taldeak erritmo gehiago eman dio jokoari eta 5 eta 0-eko partzialarekin markagailuan hurbiltzea lortu du. Baskoniak, Lugoko taldearen susperraldia ekiditeko ahaleginak egin baditu ere, etxekoek partida berdintzea lortu dute hirugarren laurdena amaitzeko bi minuturen faltan (60-60). Talde arabarra bi puntuko errentarekin iritsi da azken hamar minutuetara (62-64). Laurdenaren hasieran parekotasuna mantendu da baina handik aurrera, Maik Kotsarren gidaritzapean, aldea handitzeko gaitasuna izan du Baskoniak. Azkenean, partida 77 eta 86ko markagailuarekin amaitu da.
Garaipena eskuratu ondoren, Real Madrilen partidan (Osteguna, 19:00) pentsatzen hasiak dira. Musikaz, argiz eta saskibaloiz beteriko egun ahaztezina biziko da Buesa Arenan.