Cazoo Baskonia eta Virtus Segafredoren arteko partidan, Gizarterako elkarteak, 5+11 Fundazioarekin lankidetzan, 7000€ bildu zituen zozketa solidarioan.
Edurne Calvok, Gizarterako elkarteko presidenteak, eskerrak eman nahi izan dizkie zozketan parte harturiko pertsona guztiei: “Aurtengo zozketan bildutako diruari esker, artatzen ditugun emakumeei harrera, arreta integrala eta laguntza bermatzen jarrai dezakegu, hurbileko eta erreferentziazko baliabide bat eskainiz”.
Egunez egun, emakumeen eskubideen eta berdintasunaren alde borrokatzen jarraitzen du Gizarterako taldeak: “Garai zail hauetan, bazterkerian dauden pertsonak dira benetan pairatzen dutenak, zaurgarritasun handiak dutenak”. Joan den astean eginiko zozketa solidarioan, 7000€ biltzea lortu zen, inoiz bildutako kopururik handiena.
“Erakundeen laguntza gutxiago jasotzen ari gara hirugarren sektoreko entitateok, eta gure ekintza guztiak arriskuan ikusten ditugu. Gizarteratzearen eta guztiontzako bizitza duina lortzearen aldeko ekintza gehiago bultzatzen jarraitzeko adina diru bildu genuen”.
Eskerrik asko zozketa solidario honetan parte hartzeagatik.