Cazoo Baskoniak Euroleagueko hamargarren garaipena eskuratu du talde italiarra menden hartuta (90-79)
Erasoan kamuts hasi badira ere, Joan Peñarroyaren gizonek Virtus Segafredori irabazteko gaitasuna izan dute. Azken boladako momentu onari eusten diote, erreskadako bederatzigarren garaipena eskuratuz. Talde joko on batean, Vanja Marinkovic izan da etxeko taldeko jokalaririk nabarmenena 22 puntu eta 20ko balorazioarekin. Inoiz, Euroleagueko partida batean izan duen puntuaketarik handiena berdindu du Serbiarrak.
Talde italiarrak lehen abantaila txikia lortu du (4-5) huts askoko partida hasieran. Lehen laurdenaren erdialdean iritsi da Baskoniaren susperraldian. Erasoko jokoan gehiago asmatuz, markagailuan aurretik jarri da eta lehen hamar minutuak hiru puntuko abantailarekin amaitu du (17-14). Joan Peñarroyaren gizonak aldea handitzen joan dira bigarren laurdenean (30-21). Pierriá Henry eta Maik Kotsarren gidaritzapean, hamalau puntuko aldearekin iritsi da etxeko taldea atsedenaldira (45-31).
Aldageletatik bueltan, Baskoniak, 7 eta 2ko partzialarekin berrekin dio norgehiagokari. Partida bere aldera eraman zezakeela ematen zuen baina talde italiarra ez da errenditu. Torkine Shengeliaren puntuek partidan mantentzeko aukera eman diete Sergio Scariolok zuzentzen dituen gizonei eta azken laurdenera 63 eta 51ko markagailuarekin iritsi da. Virtus Segafredo ez da errenditu eta Mannion eta Bellinelik erdietsitako hainbat hirukoek, zazpi puntura ekarri dute aldea lau minuturen faltan. Baskoniak baina, ondo kudeatu du markagailua (90-79), Euroleagueko hamargarren garaipena eskuratzeko.
Asteko partida bakarra garaipenarekin bukatu dute Joan Peñarroyaren gizonek. Hurrengo astera begira, bi erronka berri izango dituzte aurretik arabarrek. Asteartean (19:00) Lugora bidaiatuko dute Rio Breoganen aurka jokatzeko eta ostegunean (19:00) Real Madrilen bisita jasoko dute Buesa Arenan.