Fuenlabrada mendean hartuta, gasteiztarrak asteko hirugarren garaipena lortu dute
Cazoo Baskoniak aste biribila itxi berri du Fuenlabradari 102-88ko markagailuarekin irabazi ostean. Partida hasiera zail baten ondoren, Joan Peñarroyaren gizonak kontrako aldea iraultzeko gai izan dira. Hirugarren laurdenean 39 puntu sartuta, markagailuan aurretik jarri dira Endesa Ligako bederatzigarren garaipena eskuratzeko. Talde arabarrean, Markus Howard izan da jokalaririk nabarmenena 29 puntu, 3 asistentzia eta 31ko balorazioarekin.
6 eta 0eko partzialarekin, ondo ekin dio partidari Baskoniak. José Luis Pichelen huts artearekin, talde madrildarraren erreakzioa iritsi da, lehen laurdena beraien aldeko errentarekin amaitu da (24-25). Etxekoak gaizki aritu dira erasoan bigarren laurdenean eta hori baliatuz, Fuenlabradak partidako alderik handiena lortu du atsedenaldira iristean (35-52).
Aldagelatik bueltan baina, Baskonia guztiz eraberrituta atera da. Defentsa sendo eta erasoan talde joko bikaina erakutsiz, aldea murrizten joan dira partida berdintzeraino. Hirugarren laurdenean saskiratutako 39 punturekin, etxekoak azken hamar minutuetara errenta politarekin iritsi dira (74-64). Hortik aurrera, etxekoak aldea mantentzeko gai izan dira, partida 102 eta 88ko markagailuarekin amaituz.
Joan Peñarroyaren gizonek Endesa Ligako bederatzigarren garaipena erdietsi dute, sailkapeneko goiko postuetan mantenduz. Turkiako bi partidak irabazita, aste biribila itxi du Baskoniak. Erreskadan lortutako zortzigarren garaipenarekin, momentu onean iristen ari dira urte amaierara gasteiztarrak. Baskoniaren hurrengo erronka Euroleaguen izango da, Boloniako Virtusen bisita jasoz (Osteguna, 20:30).