Fenerbahçe Bekoren kantxan irabazita, Baskoniak Euroleagueko bederatzigarren garaipena erdietsi du
Turkiako astea modu paregabean amaitu du Baskoniak. Pasaden asteazkenean, Anadolu Efesen kantxan irabazteko gai izan bazen, gaurkoan Fenerbahçe liderra hartu du mendean. Talde arabarrak, lehen zati bikain baten ostean, errenta polita lortu du. Bigarren zatian, Istanbuleko taldearen erreakzioa etorri bada ere, aldea mantentzeko gai izan dira Joan Peñarroyaren gizonak. Tadas Sedekerskis izan da Baskoniako jokalaririk nabarmenena 8 puntu, 7 errebote, 3 asistentzia eta 17ko balorazioarekin.
Hasiera trabatu baten ostean, bere erasoko jokoan aurrerapausoa eman du Cazoo Baskoniak eta partidako lehen errenta lortu ditu (13-21). Dimitris Itoudisek eskatutako hutsartearen ondoren iritsi da Istanbulgo taldearen erreakzioa jarraian hiru hiruko eginez. Egoera honek ez du talde gasteiztarra kikildu. Jokoaren kontrola hartuta, aldea handitzen hasi da eta atsedenaldira 19 puntuko abantailaz joan da (33-52).
Aldageletatik bueltan, talde Turkiarrak intentsitate gehiago eman dio partidari. Erasoan gehiago asmatuz eta defentsa sendo batetik, markagailuan 4 puntura hurbildu dira. Markus Howardek gidatutako aldeko partzialak lasaitasun puntu bat eman dio Baskoniari, azken laurdenera 56-67ko emaitzarekin iritsiz. Azken laurdenean, etxekoek abantaila murrizten ahalegindu dira eta berriz ere 4 puntura jarri dira minutu baten faltan. Baskoniak baina, ondo eutsi dio aldeari eta garaipen garrantzitsua lortu du liderraren etxean (70-76).
Baskoniak modu ezin-hobean eman dio amaiera Turkiako asteari. Hurrengo erronka Endesa Ligan izango dute Fuenlabradaren aurka. Partida Buesa Arenan jokatuko da hurrengo igandean (20:00).