Cazoo Baskoniak sailkapeneko liderrari egingo dio bisita asteko bigarren neurketan
Anadolu Efesen aurkako partida irabaztetik iritsiko da talde arabarra ostiral honetako (18.45h) norgehiagokara . Turkiako lurretan izango duten bigarren eta azken erronka izango da, kasu honetan, Euroleagueko liderraren aurka. Istanbuleko taldeak, jokatu dituen 13 partidetan, 10 garaipen eta 3 porroteko balantzea du. Azken jardunaldian Olympiakosen aurka galdu ostean, 6 garaipeneko bolada eten zuen. Pasaden martxoaren 23an jokatu zuen Baskoniak azkenezko Fenerbahceren aurka, garaipena lortuz 77 eta 62ko markagailuarekin.
Europako entrenatzaile onenetariko den Dimitris Itoudisek du Istanbuleko taldearen agintea. Bere palmaresean zazpi Euroleague ageri dira, bost Panathinaikosekin eta 2 CSKA Moskurekin. Udaran talde errusiarra utzi ondoren, hiru urteko kontratua sinatu zuen talde Turkiarrarekin. Bi urtetan izendatu dute urteko entrenatzailerik onena Greziarra.
Sasha Djordjevic, Jehyve Floyd edota Achille Polonara bezalako jokalarien agurrarekin, erabat eraberritu da Istanbuleko taldea. Guztira zazpi fitxaketa berri egin dituzte, besteak beste, Scottie Wilbekin, Nick Calathes, Nigel Hayes-Davis edota Tonye Jekiri. Hauek, Sehmus Hazer, Marco Guduric, Dyshawn Pierre edota Devin Booker bezalako jokalariekin, talde indartsua osatzen dute.
Talde Turkiarra da Euroleaguen puntu gehien sartzen duen taldea, 87rekin. Kalitate handiko jokalariak ditu, tartean Jonathan Motley. Pibot estatubatuarra da Fenerbahceren jokalaririk nabarmenena 14,1 puntu, 5,5 errebote, 1,5 asistentzia eta 16,6ko balorazioarekin.
33 aldiz neurtu dituzte indarrak bi taldeek eta balantzea oso parekatua da. Talde Turkiarrak 17 garaipen lortu ditu eta Baskoniak 16. Joan Peñarroyaren gizonak, Anadolu Efesen aurka emandako sentsazio onak berresten ahaleginduko dira. Norgehiagoka honen ondoren, talde arabarra etxera itzuliko da Endesa Ligako jardunaldi berri bati ekiteko. Baskoniak Fuenlabrada hartuko du Buesa Arenan hurrengo igandean (20.00h).