Cazoo Baskoniak etxetik kanpo bere Euroleagueko bigarren garaipena lortu du Anadolu Efesi 78 eta 83ko markagailuarekin irabazi ostean
Joan Peñarroyaren gizonen txapelketako zortzigarren garaipena erdietsi dute Anadolu Efes bezalako aurkari zail baten aurrean. Talde gasteiztarrak, bigarren zati bikain batekin, markagailua irauli eta garaipen garrantzitsua lortzeko ahalmena izan du, sailkapenean Turkiako taldea gaindituz. Taldeko kapitain Rokas Giedraitis izan da taldeko jokalaririk nabarmenena 11 puntu, 6 errebote eta 18ko balorazioarekin.
Hasiera parekatu batean ondoren, etxeko taldeak lehen abantailak lortu ditu. Joan Peñarroyak eskaturiko hutsartearekin, gasteiztarrak partidan sartu dira eta lehen laurdena bi puntura amaitu dute (23–21). Bigarren laurdenean erasoko erritmoak behera egin du eta 11 eta 0 partzialarekin, Ergin Atamanek zuzentzen duen taldeak partidako alderik handiena lortu du, 15 puntu gora. Turkiarren defentsak Baskoniaren erasoko jokoa zaildu du baina arabarrak aldea zertxobait murriztu dute atsedenaldirako (46–36).
Aldageletatik bueltan, beste Baskonia bat ikusi da. Partidan erabat sartzeko helburuarekin, aldea lau puntura murriztea lortu du hirugarren laurdenaren erdian. Erasoko jokoan gehiago asmatzen, arabarrak sei puntuko aldearekin iritsi dira azken laurdenera (58–64). Anadolu Efesek, berriro ere bere jokoa aurkitu du eta markagailua berdintzea lortu du. Parekotasuna azken segunduetaraino mantendu da eta Rokas Giedraitisek saskiratutako hiruko batek partida Baskoniaren aldera ekarri du. Merezitako garaipena egungo txapeldunaren etxean (78-83).
Turkiako asteak jarraipena du Baskoniarentzat. Garaipen honen ostean, Joan Peñarroyaren gizonek bere hurrengo erronkari begiratzen diote. Ostiral honetan (18:45), talde arabarrak Fenerbahçeri egingo dio bisita Euroleagueko hamalaugarren jardunaldian.