Joan Peñarroyaren gizonek Turkiara bidaiatuko dute Anadolu Efes eta Fenerbahceren aurka jokatzeko
Aste garrantzitsua Cazoo Baskoniarentzat, Turkian bi partida jokatuz. Asteazken honetan izango du lehen erronka (18:30) Anadolu Efesen aurka. Ergin Atamanek zuzentzen duen taldea momentu onean iritsiko da norgehiagokara, Euroleagueko azken bost partidak irabazi baititu. Bolada on honi esker, Istanbulgo taldeak gora egin du sailkapenean talde Gasteiztarra harrapatzeraino. Une honetan bi taldeek garaipen eta porrot berdinak dituzte baina averageari esker Turkiarrak daude aurretik. Baskoniak duela urtebete bisitatu zuen azkenekoz Sinan Erdem Sports Hall, norgehiagoka 87–72 galduz.
2017. urteaz geroztik, Ergin Atamanek du Turkiako taldearen agintea. Europan esperientzia handiarekin, azken bi urtetan Anadolu Efes Euroleague irabaztera eraman du. Era berean, Eurocup bat ere badu bere palmaresean, 2016. urtean Galatasarayrekin lortutakoa.
Udara partean James Anderson, Adrien Moerman edo Chris Singleton bezalako jokalarien agurren ondoren, talde turkiarrak 7 fitxaketa berri egin zituen. Efes, kanpotik zein barrutik indartu da Isaiah Taylor, Egehan Arna, Achille Polonara edota Ante Zicic bezalako jokalariekin. Bryant Dunston, Bugrahan Tuncer, Tibor Pleiss edota Rodrigue Beaubois bezalako jokalariek osatzen dute taldea. Azken bi hauek Baskoniaren kamiseta jantzi zuten iraganean.
Shane Larkin da Baskoniaren elastikoa jantzi duen beste jokalarietako bat. Partidarako zalantza izango da denboraldi hasieratik duen lesio baten ondorioz. Zorte txarreko denboraldia izaten ari da Larkinentzat. Hiru hilabete baja izan ondoren BSLko azken jardunaldian itzuli zen taldera baina ezin izan zuen partida amaitzerik izan.
Hiruko saskiratzerik gehien egiten dituzten bi taldeak neurtuko dira aurrez-aurre. Baskoniak 11,2 hiruko saskiratzen ditu partidako eta Anadolu Efesek 10,8. Will Clyburn eta Markus Howarden arteko saskiratzeko lehia espero da.
Vasilije Micic da turkiako taldeko jokalaririk baloratuena 18,2 puntu, 6 asistentzia, 3,2 errebote eta 22,6ko balorazioarekin. Zenbaki hauekin, Euroleague osoko bigarren jokalaririk baloratuena da.
Cazoo Baskoniak eta Anadolu Efesek 23 aldiz jokatu dute elkarren aurka eta balantzea 12 garaipenekoa da Istanbuleko taldearendako eta 10ekoa Gasteiztarrendako. Istanbuleko taldearen aurkako partida (Asteazkena, 18:30) asteko lehen erronka izango da Baskoniarentzako. Bigarrena Fenerbahce aurka izango da ostiralean (18:45).