Klubak euskal enpresaren ahalegina eta konpromisoa eskertu nahi ditu, familia gorri-urdinean beste lau urte gehiago emango dituela ospatuz.
Kirolbetek Saski Baskoniaren lehen taldeari izena emateari utziko dio eta talde gasteiztarraren main sponsor gisa jarraituko du, bi aldeek haien arteko kolaborazioa 2024ko ekainaren 30era arte luzatzea adostu ondoren.
2015ean hasi zen Baskonia eta Kirolbeten arteko ibilbide arrakastatsua, kirol-apustu etxea klubaren babesle bihurtu zenean. Emozioa, entretenimendua eta dibertsioa, betiere erantzukizunetik abiatuta, bi erakundeek elkarrekin partekatzen eta eskaintzen dituzten sentimenduak dira.
2018an bi erakundeen arteko kolaborazioa estutu egin zen title sponsor akordioarekin. Gauzak horrela, talde gorri-urdina KIROLBET BASKONIA deitzera pasatu zen Endesa Ligan zein Euroleaguen. Aurrerapauso horrek aro berri bat ireki zuen, eta akordio horren bitartez, azken urteetan klubak proiektu sendo bat eraikitzeko baliabideak izan ditu, Europako saskibaloian erreferente den erakunde bezala maila lehiakor bat mantenduz.
Hiru denboraldi geroago, bi erakundeek bide arrakastatsu honi jarraipena emango diote kolaborazioa 2024ra arte luzatuz. Hiru denboraldi hauetan klubak Endesa Ligako bi final jokatu ditu, Ligako txapeldun bilakatu da, eta 2019an Gasteizeko Final Four-a antolatu zuen.
Iraganean bezala, batasunaren eta baloreen aldeko apustu bat egin dute bi aldeek. Nortasun handiko batasuna. Nortasun horrek bi erakundeen jarduerak garatzeko ezinbestekoak diren berrikuntza, kudeaketa eta lantaldea batzen baititu. Nortasun hori izan da beti taldearen ezaugarri nagusia, eta KIROLBET guztiz identifikatuta sentitu da beti testuinguru honetan.
Nortasun horren erakusgarri, iaz KIROLBETek ikerketa bat sustatu zuen UPV-EHUrekin elkarlanean. Adimen artifizialeko tekniken bidez, baskoniazaleek aportatutako definizioak ikertu ziren hain berezi egiten gaituen nortasunari hitzak jarri ahal izateko.
Bere estatus berrian, main sponsor gisa hain zuzen, datorren denboraldian lehen taldearen joko-kamiseta ofizialaren atzealdean egongo da Kirolbeten logoa. Akordio honen bidez, taldearen kirol lorpenak eta 5+11 Fundazioaren helburu sozialak betetzeko euskarri ekonomikoa izango du klubak.
Saski Baskoniak Kirolbet taldearen ahalegina eta erakutsitako maila profesionala zein pertsonala nabarmendu nahi ditu, batez ere Bittor Ugarte (presidentea), Eñaut Ruiz (zuzendari nagusia) eta Beñardo Elorzen (marketin zuzendaria) laguntza eskertuz. Balore horiek pisu handia izan dute zalego gasteiztarrean. Horrenbestez, gure herrian oinarritutako kirol-proiektu hau sustatzen jarraituko dute bi enpresa euskaldunek.