NBA eta EuroLeaguen esperientzia izan ondoren, hegal-pibot estatubatuarra Gasteizera iritsiko da datozen bi denboraldietarako.
KIROLBET Baskoniak Alec Peters fitxatu du hurrengo bi denboraldietarako. 25 urte eta 2,06 metroko hegal-pibot estatubatuarra Anadolu Efestik iritsi da Gasteizera, Covid-19ak EuroLeaguea eten arte txapelketako liderra zen taldetik alegia.
Jokalari estatubatuarra Indiana estatuko Valparaiso Unibertsitatean formatu zen eta Phoenix Sunsekin egin zuen debuta 2017-18 denboraldian. NBAn 20 neurketa jokatu zituen 4,1 puntuko bataz bestekoaz. Aldi berean Petersek garapen ligan jokatu zuen Northern Arizona Suns taldearekin eta bertan 17,6 puntu lortu zituen bataz beste.
NBAn jokatu ondoren, hegal-pibot estatubatuarra Moskuko CSKAra joan zen. 2018-19 denboraldiko EuroLeaguen %43ko bataz bestekoa lortu zuen hiruko jaurtiketetan eta txapelketako txapeldun bilakatu zen. Azken denboraldian aldiz, jokalari gorri-urdinak Anadolu Efesen jokatu du eta 27 neurketetan %41ko bataz bestekoa lortu du 6,75 metroko marratik.
Horrenbestez, KIROLBET Baskoniak kalitate handiko pieza bat gehitzen dio bere kirol-proiektuari eta datorren denboraldiko plantilla diseinatzen jarraitzen du.