Laugarren acb ligako entrenatzaileak talde gasteiztarrean jarraituko du datorren denboraldian.
Endesa Ligako txapeldun bilakatu berri den Dusko Ivanovicek KIROLBET Baskoniarekin duen konpromisoa berritu du 2020-21 denboraldirako. Entrenatzaile montenegroarrak, Klubaren 60 urteko historian teknikari sarituena denak hain zuzen, talde gasteiztarrean jarraituko du bere hirugarren etapa honetan.
Ivanovic 2000-01 denboraldian heldu zen lehenengo aldiz Gasteizera. Bertan bost denboraldi igaro zituen jarraian eta Klubaren lehen acb Liga eta bi Errege Kopa irabazi zituen. 2008-2009 denboraldian euskal hiriburura itzuli zen berriz eta 2012-13 denboraldira arte zuzendu zuen taldea. Bigarren etapa honetan bere bigarren Liga eta bere hirugarren Errege Kopa altxatu zituen.
Joan den abenduaren 24an itzuli zen hirugarren aldiz euskal hiriburura. Etapa berri honetan zalego gasteiztarra berriz ilusionatzea zuen helburu Ivanovicek. Sei hilabete hauetan entrenatzaile montenegroarrak bere hirugarren Endesa Liga lortu du KIROLBET Baskonia berriz handienen artean kokatuz.
EuroLeagueren eta acb-ren artean, Duskok 613 partidu bete ditu Baskoniaren aulkian eta guztira 412 garaipen lortu ditu. XXI. mendeko saskibaloi europarreko klasiko bat da Ivanovic, eta datorren denboraldian Baskoniaren orkestra zuzendari izango da berriz.