Afizioa taldeaz harro sentitzeko helburuaz heltzen da jokalari esloveniarra Gasteizera.
Vujacic gaur goizean izan da aurkeztua. Fitxaketa berriak urte bateko kontratua sinatu du eta 18 zenbakia jantziko du. Felix Fernandez kirol-zuzendaria berarekin izan da Buesa Arenako prentsa aretoan.
“Bertan egoteak asko pozten nau eta ez dut uste klubaren iraganeko arrakastei buruz hitz egitea beharrezkoa denik. Erronka hau bizitzeko irrikitan nago. Udan zehar asko entrenatu naiz aukera onenaren zain. Hori dela eta, nire ehuneko ehuna ematera nator Gasteizera”, hauek izan dira jokalari baskonista bezala Vujacicen lehen hitzak.
“Baskoniaren parte izan nahi dut. Marcoren intentsitatea eta ikasketan zein hobekuntzan oinarritutako filosofia oso gustuko dut. Bertan oso ondo lan egin dezakedala uste dut”, adierazi du fitxaketa berriak.
“Iaz ere aukera on bat itxaroten egon nintzen. Entrenatzaileak eskatzen didana egingo dut. Nire ibilbidean zehar, talde bezala jokatu ezkero edonori irabazi diezaiokezula ikasi dut”, esan du hegalekoak.
“Baskonia oso talde ona da eta entrenatzaile bikaina du. Talde bat ez da egun batetik bestera egiten, gogor egin behar da lan eta ezin daiteke beti irabazi. Lan asko egingo dugu defentsan eta talde gazte bezala oso ondo etorriko zaigu. Afizioa taldeaz harro sentitu dadin nahi dugu” azaldu du Vujacicek.
Fitxaketa berriak jokalari bezala dituen ezaugarriak azaldu dizkigu. “Talde jokalaria naiz eta garaipena da nire helburua beti. Goian egotea beti da ona eta defentsan ondo jokatzen badugu beti izango dugu irabazteko aukera. Gainera, entrenatzaileak pase estra kontzeptua landu dezagun eskatzen digu. Hau filosofia irabazlea da niretzat. Talde bezala jokatu ezkero edonori irabazi diezaiokegu”.
Europan eta NBAn esperientzia handia du Sasha Vujacicek eta beti gustatu izan zaizkio “partiduaren fase erabakigarriak. Irabazle edo galtzaile bilakatzen zaituzten minutuak. Jokalari guztioi gustatu beharko litzaizkiguke momentu hauek. Minutu hauek bihotzez jokatu behar dira, ehuneko ehuna emanez. Hauek dira momentu zirraragarrienak”.
Jokalari baskonista berriak hainbat jokalari ezagutzen dituela adierazi du: “Gainera, orain dela urte batzuk haien aurka jokatu izan dut. Fernando kapitainak urte asko daramatza bertan. Tipo izugarria da eta berarekin jokatzeko irrikitan nago. Beste hainbat jokalari ezagutzen ditut eta talentu askoko taldea garela uste dut”.
[flickr_set id=”72157648634901518″]