Lehen fasean Neptunask Klaipeda, Estrella Roja, Valentzia Basket, Galatasaray eta Olympiacos izango dira talde baskonistaren aurkariak.
Aurten ere espektakulu europarra izango dugu Buesa Arenan. Asteazkenean 20.30tik aurrera hasiko da Turkish Airlines Euroleaguea. Neptunas Klaipeda izango da Marco Crespiren taldearen lehen aurkaria. Talde lituaniarrak lehen aldiz jokatuko du Euroleaguea eta gauzak zail jarriko dizkio Laboral Kutxari.
Espektakulua ziurtatuta dago eta taldeak ilusio handiz hasiko du Fase Erregularra. Top 16an egoteko helburuaz, maila handiko talde askok borrokatuko dute gure taldean.
Laboral Kutxa Baskonia, Olympiacos, Galatasaray, Estrella Roja, Neptunas Klaipeda eta Valentzia Basket. Hau izango da D taldea.
Lehen aurkaria: Neptunas Klaipeda
Talde ezezaguna izan arren, lituaniarren aurkakoa partidu zaila izango da. Iaz Eurocupa jokatu ondoren, aurten Neptunasek lehen aldiz jokatuko du Euroleaguea.
Bere rosterrean 11 jokalari lituaniar eta estatubatuar bat ditu. Jokalari amerikarra, hain zuzen, ezaguna dugu Gasteizen. Mustafa Shakur Buesa Arenara bueltatuko da asteazkenean. Gainera, Klubak 50 urte bete berri ditu. Hori dela eta, Klapeidako eta -orokorrean- Lituaniako saskibaloia sustatzeko aukera polit hau ez du pasatzen utziko.
Erraldoi greziarra: Olympiacos
Olympiacosen inguruan gauza gutxi daude esateke. Greziarrak Baskoniaren aurka izango dira berriro ere. Partidu honetan ez da Bartzokas entrenatzailea izango (Greziako Kopa galdu ondoren dimititu egin zuen). Taldeak iazko oinarria mantendu nahi izan du. Esperientzia handiko jokalariak bertan jarraitzeaz gain, Darden edo Lafayette bezalako fitxaketak egin ditu.
Talde greziarrak txapelketako plantila luze eta konpentsatuenetako bat du. Spanoulis da taldeko lider nagusia. Base greziarrak partiduetako erritmoa ezartzen du beti. Gauzak horrela, Olympiacos izango da Baskoniak etxetik kanpo izango duen lehen aurkaria.
Galatasaray, kalitatea eta beteranotasuna
Top 8ra sailkatuz, iaz gauza handiak egin ditzakeela erakutsi zuen talde turkiarrak. Laboral Kutxak Buesa Arenan izango duen bigarren aurkaria da Galatasaray. Iazko oinarria mantendu ondoren, talde turkiarra aurkari zaila izango da.
Esperientzia eta kalitate handiko jokalariak ditu Galatasarayk. Aurten ere Arroyo izango da taldeko liderra. Gainera, Pocius eta Gonlumen fitxaketek taldea indartu dute.
Valentzia Basket, berriro ere Euroleaguen
Iaz Eurocupa irabazi eta gero, Velimir Perasovicen taldeak Euroleaguea jokatuko du berriro. Laugarren jardunaldiko aurkaria izango da Valentzia Basket. Talde valentziarrak iazko jokalari garrantzitsu asko mantendu ditu.
Nahiz eta iazko MVP-ak (Justin Doellman) eta Lafayettek taldea utzi, Valentziak fitxaketa onak egin ditu. Besteak beste, Marco Crespiren taldeak Vives, Loncar, Van Rossom, Lishchuk edo Harangody bezalako jokalariak izango ditu aurrez aurre.
Estrella Roja, lehen itzuliko azken aurkaria
Baskoniak talde serbiarraren aurkako neurketarekin itxiko du fase erregularra. Iaz ere Laboral Kutxa eta Estrella Roja aurrez aurre izan ziren. Radonjicek entrenatzen duen taldeak kalitate handiko jokalariak ditu. Hori dela eta, Serbian irabazteko bere ehuneko ehuna eman beharko du taldeak.
Talde gasteiztarrak Nikola Rebic, Marcus Williams, Branko Lazic edo Charles Jenkins bezalako jokalariak izango ditu aurrez aurre.