Base estatubatuarra bere maila onena berreskuratzeko asmoz dator Gasteizera. Kantxan joko dibertigarria ezartzeaz gain, Europako defentsa onena izatera heldu nahi du berriro.
Doron Perkins Baskoniako jokalari berri bezala izan da aurkeztua. Base estatubatuarrak urte bateko kontratua sinatu du eta 8 zenbakia jantziko du.
Perkins pasaden astean heldu zen Gasteizera. IMQ mediku asegurantzaren eskutik errekonozimendu medikua pasa eta gero, Vielhara joan zen taldearekin batzera. Fitxaketa baskonistak minutuak izan ditu aurredenboraldian Laboral Kutxako jokalari bezala. Gaurkoan Perkinsek lehen aldiz egin du berba komunikabideen aurrean.
“Nire ehuneko ehuna eman nahi dut taldean. Europako defentsa onenetariko bat izan nahi dut berriro. Hori dela eta nator hona, maila ona erakutsi nahi dut Europan eta Gasteizen berriro arrakasta izatea da garrantzitsuena niretzat” adierazi du joko zuzendari berriak. Baskoniaren eskaintza heldu zitzaionean “oso pozik jarri nintzen. Taldearen historia ezagutzen dut eta askotan jokatu izan dut haien aurka. Maila handiko taldea dela dakit”.
“Fisikoki oso ondo nago. Urte gehiago ditut eta heldutasun maila handia dut. Oso ondo nago mentalki; azken finean, urte asko igaro ditut goi mailan. Orain, inoiz baino lider-gaitasun gehiago ditut” adierazi du Perkinsek bere aurkezpenean. Thomas Heurtelekin partekatuko du postua fitxaketa berriak eta jokalari frantsesari buruz hitz egin du. “Askotan ikusi dut jokatzen eta asko gustatzen zait. Oso interesgarria izango da berarekin batera jokatzea. Oso jokalari desberdinak gara. Ni jokalari fisikoagoa naiz eta bakoitzak gauza desberdinak aportatuko ditu. Gainontzeko taldeei arazoak sortu diezaiekegu” adierazi du baskonista berriak.
“Liga honetan talde on asko daude. Bartzelona edo Real Madrilen aurka egun borobila izan behar dugu” adierazi du fitxaketa baskonistak. “Aulkitik irteten edota bosteko titularrean, asko aportatu dezaket. Entrenatzaileak eskatzen didana egiten saiatzen naiz. Kantxan ondo pasatzen duten taldeei irabaztea oso zaila da. Hori dela eta, base bezala, hobeto joka dezagun nahi dut. Taldekideei hobeto jokarazi egin nahi diet” bukatu du Perkinsek.
[flickr_set id=”72157647615179442″]