Baskoniaren azken fitxaketak -Colton Iverson- langile petotzat deskribatzen du bere burua. Golfa asko gustatzen zaio eta, azaldu digunez, Baskoniarekin bat egin izanak poz handia eman dio.
Colton Iverson izan da Baskoniaren bosgarren fitxaketa. Marco Crespiren taldeak gaur goizean hasi ditu entrenamenduak. Besiktasen jokatu ondoren, jokalari estatubatuarrak saskibaloi europarra ezagutzen du, baina ez Endesa Liga. Lehen sentsazioak positiboak izan dira. Talde lehiakor bat izateko asmoz, hemendik aurrera taldeak gogor egin beharko du lan.
Gasteizen lehen egunak pasatu eta taldekideekin lehen aldiz entrenatu ondoren, zeintzuk izan dira zure lehen sentsazioak?
Oso ondo sentitzen naiz. Klubak osatutako taldea asko gustatu zait eta berriro ere jokatzeko irrikitan nago. Taldean talentu handiko jokalari berri asko daude eta gure artean kimika ona dugula uste dut. Lehen entrenamenduan oso gogor aritu gara eta hala jarraituko dugu denboraldia hasi arte.
Talde berria, liga berria eta Europan hazten jarraitzeko aukera.
Asko ezagutzen dut Baskonia, Euroleague eta ACB Liga. Beraz, badakit izugarrizko aukera dudala aurrez aurre. Laboral Kutxak historia handia du eta oso errespetatua da Europa mailan. Aukera oso polita da. Baskoniagatik fitxatu izanak asko pozten nau.
Eurocupen jokatu eta gero, Europako liga onenean jokatzeko aukera.
Euroleague da Europako txapelketa onena eta bertan jokatzeko prest nago. Hala egon beharko dut eta udan helburu honekin ibili naiz lanean. Eurocupen asko ikasi dut, baina Euroleaguen jokatzeko gogor egin beharko dut lan. Taldeak ondo erantzungo du txapelketa honetan.
Definitu zaitez…
Oso jokalari langilea naiz. Egunero ehuneko ehuna ematen dut aspektu guztietan. Defentsan eta errebotean gogor aritzen naiz. Gainera, askotan jokalari askok gorroto duten lan “zikina” egin ohi dut. Borroka gabe talentua bigarren plano batean geratzen da.
Aurredenboraldia talde solido bat osatzeko eta zuen artean giro ona sortzeko aukera ezin hobe bezala aurkezten da.
Berrien eta jarraitzen duten jokalarien artean giro ona sortu behar dugu. Lehen bi aste hauek oso garrantzitsuak dira arlo honetan, guztiok lehen aldiz entrenatuko dugulako batera.
Zer eskatu dizuete Crespik?
Gogor lan egin behar dugula esan digu. Talentua eta potentziala dugula badakigu. Hori dela eta, talde guztiekin lehiatzeko helburuaz, egunero ehuneko ehuna eman dezagun eskatzen digu.