Laboral Kutxak liderraren aurka garaipen izugarri bat lortuz agurtu zuen Euroleague-a. Fase honetan FC Bartzelonak partidu bakarra galdu du -Emporio Armaniren kontra-, baina atzokoan Baskoniak jokoko fazeta guztietan garaitu zuen.
Nahiz eta Xavi Pascualen gizonek partidua oso ondo hasi, baskonistak jo ta ke aritu ziren eta atsedenaldi ostean bikain erantzun zioten Bartzelonaren lehen zatiari. Andres Nocioni izugarriaren gidaritzapean, taldeak oso ondo kudeatu zuen denbora eta gutxika-gutxika alde murriztuz joan zen. 20 puntu behetik egon arren, Baskoniak ez zuen inoiz etsi eta buru-belarri aritu zen lanean.
Andres Nocionik Europa osoa maitemindu zuen bere joko eta intentsitatearekin. Lehen zatian ez zitzaizkion gauzak espero bezala irten eta 5 puntu lortu zituen soilik. Hirugarren laurdenetik aurrera berriz, egoerari buelta eman zion bere karakterra erakutsiz. Neurketa 37 punturekin, 3 tapoirekin eta 35 puntuko balorazioarekin bukatu zuen.
Zenbaki hauekin Europan zuen saskiratze errekor pertsonala apurtu zuen Nocionik (Trevison sartutako 36 puntuak gaindituz). 2003ko abenduko egun horretan, Chapuk 15 errebote lortu eta 48 puntuko balorazioarekin bukatu zuen partidua.
Erasoaz gain, Baskoniak asko sendotu zuen defentsa eta Bartzelonak arazo ugari izan zituen saskiratzeko unean. Palaun Bartzelonak galdu gabe 8 urte zeramatzala kontuan izanda, meritu handia du talde gasteiztarrak lortutako garaipena.
Gainera, Baskoniak 62 puntu sartu zituen bigarren zatian (Palaun Bartzelonaren aurkari batek inoiz egin ez duen ezer).
[flickr_set id="72157643785154854"]