Talde gasteiztarrak Euroleague-ko edizio guztiak jokatu ditu eta txapelketaren historiako talde saskiratzaileena da.
Laboral Kutxa Baskoniak bere Euroleague-ko 300. partidua jokatuko du hurrengo ostiralean Olympiacosen kantxan. Euroleague txapelketa 2000. urtean sortu zen eta FC Bartzelonaren atzetik Baskonia da txapelketa kontinentalean partidu gehien jokatu duen taldea Olympiacos (293), CSKA Mosku (287) edo Maccabi (286) bezalako historikoen aurretik. Gailurrerako bide hau 2000ko urriak 1an hasi zen Zagrebko Basketball Center Drazen Petrovicen. Neurketa honetan Elmer Bennet izan zen jokalari baloratuena 21 puntu, 6 errebote eta 7 asistentziekin. Gure kamisetarekin Euroleague-an partidu gehien jokatu dituen jokalaria Sergi Vidal da, guztira 168. Kataluniarrari Pablo Prigionik (145) eta Luis Scolak (144) jarraitzen diote.
Gainera, 24.164 punturekin, talde gasteiztarra Euroleague-ren historiako talde saskiratzaileena da. Arlo honetan Luis Scola 2.054 punturekin, Mirza Teletovic beste 1.483 punturekin eta Tiago Splitter 1.436 punturekin dira jokalari azpimarragarrienak. Errebotei dagokienez, Baskonia -9.779 erreboterekin- hirugarren da FC Bartzelona eta Olympiacosen ostean. Asistentzien arloan ere Laboral Kutxa hirugarren da (4.356 guztira), Maccabi eta CSKA Mosku aurretik dituelarik.
Zenbaki hauek Baskoniaren handitasuna erakusten dute. Txapelketaren edizio guztietan presente egonda, Baskonia Euroleague-ren historia eta oraina da.