SaskiBaskonia S.A.D. gaur egun Estatuko klubik garrantzitsuenetakoa da eta bere izenak errespetua eragiten du Europan. 2001/02 denboraldiko lorpen bikoitza baino froga argiagorik ez dago Errege Kopa eta ACB Liga irabaziz edo lau Final Four-etan segidan parte hartu izana. Baina lorpen horietara heltzeko Klubak 1959 urtean sortu zenetik pausu asko eman behar izan ditu, batzuetan txikiak eta beste batzuetan erraldoiak. Club Depotivo Vasconia-k saskibaloi sekzio bat sortu zuen 1959 urtean.
Kirol hastapenak
Gaur egun europar goi mailan kokaturik dagoen taldea orduan Félix Ullivarriarrazua Jauna Presidente legez zuen Club Deportivo Vasconia-ren saskibaloi sekzio legez jaio zen. 1959 urtea zen Klubeko presidentziak saskibaloi sekzioa antolatzea erabaki zuenean, elkarteak kirola sustatzeko ezarrita zeukan ildoa jarraituz. Azkenik Jesús Peña Ranero zuzendaritza-kidea izendatu zen sekzio berri honen ordezkari Vicente Elejalde-k entrenatzaile kargua hartzen zuen bitartean. Azkenean pixkanaka sendotu eta fruituak ematen bukatuko zuen proiektuaren oinarriak ezarrita zeuden. Halere lorpen handiak izateko urteak itxaron behar izan baziren ere, saskibaloi talde hasiberriaren hasierak etorkizun oparoa iragartzen zuen. Bere lehenengoko denboraldian CD Vasconia bigarren tokian gelditu zen Herrialdeko Txapelketan, Corazonistas Arabako hiriburuko ikastetxe bateko taldearen atzetik.
Gorantz zetorren Vasconia 60. hamarkadan zehar Herrialdeko Txapelketa menderatu zuen taldea izan zen, bost txapelketa irabazi baitzituen. Ondoren Klubak, 1970 urtean, bere lehen titulu “ofiziala” eskuratu zuen Hirugarren Mailako txapelketan lehen postuan bukatu ondoren.
Lehen mailara igoera
Hobetzeko nahi etengabe horren ondorioz 1972/73 denboraldian lortutako igoera aurkitzen dugu, zeinean Vasconia-k Pepe Laso entrenatzaile mitikoaren eskutik saskibaloi nazionalaren mailarik gorenean debuta egin zuen. Goi mailan jokatutako lehen partiduan erraz irabaztea lortu zuen, 92-71, Lugo-ko Breogan-en aurrean. Gogoan izateko denboraldi hartako taldea ondoko jokalariek osotzen zuten: Pinedo I, Pinedo II, “Choche” Armentia, Carlos Luquero, Amado Ubis, Ibáñez “Pichu” , Jesús Arana, José Luis Lázaro, Francisco Javier Zurutuza, Javier Buesa eta Ramón Díaz de Argote.
1976/77 denboraldian Klubaren izen ofizialaren aldaketa planteatzen da. José Luis Sánchez Erauskin Presidenteak V hizkia B hizkiarekin ordezkatzea erabaki zuen eta horrela Basconia-Schweppes deitzera pasatu zen.
Baskonia-rena bezalako hain historia zabalean logikoa da ezusteko eta dezepzioak egotea. 1980/81 denboraldian Baskonia Lehen B mailara jaitsi zen eta hurrengo denboraldian, igotzeko helburua ezarri ondoren, ohorezko mailara arrakasta handiz bueltatu zen.
ACB liga berria
Taldea goi mailara bueltatzeak bat egin zuen saskibaloi liga profesional bat abiatzeko erabaki sendoarekin. Horrela 1983/84 denboraldian ACB Liga abiatu zen, txapelketa nazional gorenaren profesionalizatze osoa lortzera orientatutako enpresa proiektua hain zuzen ere, zeinean gure taldea sortzaileetako bat izan zen.
Baskonia ezin hobe txertatzen da filosofia horretan eta ACB Ligarekin batera hazten dela esan genezake. Egia esan, denboraren poderioz Real Madrid eta Barcelona klasikoei, Estatu mailan historikoki oso erakunde garrantzitsuak saskibaloian, aurre egiteko alternatiba bilakatu da beste talde batzuekin batera.
1985 urtean, Klubak lehen titulu ofiziala lortu zuen, Asoziazio Kopa, play off-etako lehen txandan kanporatutako taldeen artean jokatzen zena. Final horretan Arabatxo Baskonia inposatu zen (93 – 85) CAI Zaragoza-ren aurrean Villanueva de la Serena-n, Badajoz-en.
Garaipen honi esker Baskonia Europara lehen aldiz hurbiltzea lortu zuen. Super Cracks talde holandarraren aurrean egin zuen debuta, irabaziz, ondoren Villeurbanne frantziarraren aurrean erortzeko. Urte haietan zehar kalitate handiko hainbat jokalari atzerritar pasatu ziren Klubetik zaletuen artean oroipen onak utzirik, hala nola Essie Hollis, Terry White, Abdul Jeelani eta Larry Micheaux. Era berean Pablo Laso eta Alberto Ortega bezalako balore gazteen debuta ematen da lehen taldean.
1987 urtean oso harreman emankorra hasiko da Taulell S.A.-rekin, haren Taugres eta TAU Ceramica marken bidez, ACB-ko babeslerik zaharrena gaur arte eta kirol mailan fidelenetakoa bihurtuz.
Gertaera erabakigarri honekin batera erakundearen etorkizuna determinatzen duen beste bat ematen da. Erretiratu berri den Josean Querejeta jokalaria Klubeko presidente izendatzen da eta bere lehenengoko zereginen artean hura Kirol Sozietate Anonimo bihurtzea dago, izen berria Saski Baskonia S.A.D. izanik.
Goi mailan kokaturik
Pabilioi aldaketa aurrera pausu garrantzitsua izan zen Baskoniarentzat. Mendizorrotzako pabiloia txiki geratu zen eta ACB-k pabilioietan derrigorrezko edukiera minimoa ezarri zuen, 5.000 ikuslekoa hain zuzen. Beraz, barruti berria eraikitzea erabakiz zen. Arabar erakundeekin negoziatu ondoren, Gasteizko ganadu plaza saskibaloi kantxa bihurtzea erabaki zen. Araba Pabilioia, ondoren Buesa Arena deiturikoa, izan da Klubaren historiako urte onenak jaso dituen eszenatokia. Bertan, Baskoniak Europako talde onenen artean egin du lekua.
Araba Pabilioiaren inaugurazio ofiziala 1990ko irailean izan zen Taugresen eta Atletico Madrilen arteko neurketa batean.
Josean Querejeta presidentearen gidaritzapean, Baskoniak aurrera pausu handiak eman zituen. Baskoniak saskibaloi estatal eta kontinentalean zuen pisuak gora egin zuen. Enpresa proiektu sendo honek saskibaloi izugarria eskaintzen zuen astez aste. Gasteizera -besteak beste- Sibilio, Rivas, Arlauckas, Marcelo Nicola, Velimir Perasovic edo Kenny Green bezalako jokalari garrantzitsuak etorri ziren.
Kirol emaitzek ez zuten asko itxaronarazi. 1991/92 denboraldian Taugres Europara itzuli zen eta urte hartatik aurrera talde gasteiztarra fijo bat izan da nazioarteko txapelketetan. Saporta Kopan Lausanan, Istanbulen eta Gasteizen jokatu zituen finalek ospe ona eman zioten klubari Europa mailan. Gainera, taldeak garaipena lortu zuen Buesa Arenako finalean. Lehertzear zegoen Buesa Arena hartan, Manel Comasen gizonek partidu bikaina egin zuten. Rivola, Nicola eta Garbajosaren erakustaldi bikainek Kopa Buesa Arenako bitrinetara ekarri zuten.
Estatu mailan ere arrakastak laster heldu ziren. TAU Ceramica Kopen Errege bihurtu zen Granada 95, Valentzia 99, Gasteiz 02, Sevilla 04, Madril 06 eta Madril 09-an lortutako garaipenekin. Gainera, Baskoniak Sevilla 94, Valentzia 03 eta Gasteiz 08 edizioetako finalak jokatu zituen.
Talde gasteiztarrak Granadan lortu zuen bere lehen Errege Kopa Anway Zaragoza 88-80 garaituz. Pablo Laso izan zen txapelketa hartako MVP-a. Lau urte geroago, 1999an alegia, TAU Ceramicak bere bigarren Errege Kopa altxatu zuen Valentzian. Baskoniak 70-61 menderatu zuen Caja San Fernando eta Elmer Bennet izan zen txapelketa hartako jokalari onena.
Anfitrioien maldizioa apurtuz, 2002an Baskoniak Gasteizen lortu zuen bere hirugarren Kopa. Talde gasteiztarrak 85-83 garaitu zuen FC Bartzelona eta Dejan Tomasevic izan zen edizio hartako MVP-a.
2004an, Sevillan jokatutako edizioan hain zuzen, gasteiztarrek 81-77 irabazi zioten DKV Juventuti. Rudy Fernandez izan zen txapelketa hartako jokalari onena. Baskoniak Madrilen konkistatu zuen bere bosgarren Errege Kopa. Talde baskonistak 80-85 mederatu zuen Pamesa Valentzia eta Pablo Prigioni izan zen edizio hartako jokalari adierazgarriena.
Azken Errege Kopa Madrilen altxatu zen berriro ere. Unicajaren aurkako finala izugarria izan zen (98-100). Talde gasteiztarrak azken segundoan irabazi zuen neurketa eta Mirza Teletovic izan zen edizio hartako MVP-a.
Ligari dagokionez, TAU Ceramicak 1998-1999 denboraldian hasi zuen konkista. Urte hartan denboraldi bikaina egin eta gero, Sergio Scarioloren taldeak TDK Manresaren aurka galdu zuen finala.
Pabilioiaren kupula goratuz, denboraldi hartan Buesa Arenaren handitzea burutu zen. 9.500 ikusleko edukierarekin, Buesa Arenak lehen aldiz jaso zuen goi-mailako txapelketa kontinentala. Momenturarte Baskoniak ez zuen inoiz Euroleague jokatu eta, beraz, gertaera historiko honek aurrera pausu garrantzitsu bat suposatu zuen.
2001-02 denboraldian heldu zen sari preziatua. TAU Ceramicak balentria izugarria lortu zuen finalean Unicaja 0-3 garaituz. Dusko Ivanovicen agindupean, talde hark izugarrizko plantila zuen: Bennett, Corchiani, Vidal, Foirest, Nocioni, Sconochini, Scola, Oberto, Tomasevic, Gaby Fernández eta Christos Harissis.
1. mendearen amaieran aldaketa garrantzitsuak eman ziren europar saskibaloian ULEB Koparen sorrerarekin. 2000-2001 denboraldian TAU Ceramicak Euroleagueko finala jokatu zuen Boloniako Kinder boteretsuaren aurka. Bost neurketa gogor jokatu ondoren, txapelketa Italian geratu zen.
Taldeak hazten jarraitzen zuen eta 2007-2008 denboraldian Baskoniak bere bigarren Liga txapelketa lortu zuen finalean FC Bartzelona 0-3 garaituz. Neven Spahijaren gizonek izugarrizko denboraldia egin zuten. Pablo Prigioni, Sergi Vidal, Zoran Planinic, Tiago Splitter edo Simas Jasaitis bezalako jokalariek osatzen zuten bi titulu lortu zituen talde hura.
TAU Ceramicak Europako talde onenen artean egotea zuen helburu. Gauzak horrela, Moscu 05, Praga 06, Atenas 07 eta Madril 08-ko Final Four-etan egotea lortu zuen taldeak. Lorpen historiko honek oihartzun handia izan zuen Europa mailan. Honen erakusgarri Europako egunkari entzutetsuenetako batek Baskoniari buruz argitaratutakoa: “Izugarrizko taldea poltsiko-hiri batean”.
Bere lehen Final Four-ean talde gasteiztarrak CSKA anfitrioia 78-85 menderatu zuen finalerdietan. Ondoren, TAU Ceramicak 90-78 galdu zuen finala Maccabiren aurka.
2006 urtean Baskoniak Final Four-a jokatu zuen berriro. Urte hartan aldiz, hirugarren postua lortu zuen. Hurrengo bi urteetan taldeak Final Four-a jokatu zuen berriro.
Bi hamarkada baino gehiagoko kolaborazioa atzean utziz, 2009-2010 denboraldian Baskoniak bere babeslea aldatu zuen. Beraz, taldea Caja Laboral deitzera pasatzen da. Denboraldi hartan talde gasteiztarrak bere azken Liga lortu zuen FC Bartzelona 0-3 garaituz. Fernando San Emeterioren 2+1 ahaztezin harekin Baskoniak bere hirugarren Liga lortu zuen.
2012-13 denboraldian taldeak bere izena aldatzen du eta Laboral Kutxa deitzera pasatzen da, egungo izena alegia.
Laugarren liga ezohiko testuinguruan iritsi zen Baskoniaren bitrinetara. Koronabirusaren pandemiak munduko bazter guztiak kolpatu zituen urtean, kirol-mundua barne, Kirolbet Baskoniak Endesa Ligako txapeldun titulua eskuratu zuen Valentzian. 2020 urtea ezohikoa izan zen, gogorra baina ahaztezina aldi berean. Dusko Ivanovicen gizonek haien ‘Baskonia nortasuna’ atera eta soilik gutxi batzuk sinetsi zezaketena lortu zuten final epiko batean, Bartzelona ahalguztiduna menderatuz. Luca Vildozaren azken saskiratzearekin lortutako titulua Baskoniaren historiaren parte da honezkero.
Antolaketarako ahalmena
Kirol eta enpresa eginkizunetan hainbeste urtez aritzean Saski – Baskonia S.A.D.-k antolaketarako ahalmen handia erakutsi du eta haren bidez kirol ikuskizun handiak ekarri ahal izan ditu Vitoria-Gasteizera, horrek gure hiri eta herrialdeari dakarzkien onura eta irudi onarekin.
Klubak antolatutako kirol zita handien artean ACB ligako lau final, Saporta Kopako final bat, Euroleague Final bat eta Errege Kopako hiru final azpimarratu nahi ditugu.
Enpresa proiektua
Baskonia-ren ezaugarrietako bat etorkizunaren alde egiten duen apustua da. Kirol arrakastek egunero haren egitura guztiak sendotzeko lan egiten duen Klubaren gestioa sostengatu baino ez dute egiten.
Baina benetako bultzada, apustu handia Baskoniaren Kirol-Hirian (BAKH) dago. Proiektu bakarra dugu saskibaloiaren europar esparruan. Baskoniaren Kirol-Hiriak maila goreneko kirol, mediku eta aisialdi instalazioak ditu eta inguruneari dagokionez arkitektura eredugarria dauka.
Hauxe dugu XXI. Mendeko Baskonia, hazten jarraitu nahi duen Kluba. Hiriarekin guztiz identifikaturik dagoen Kluba. Gero eta handiagoa den masa soziala duen Kluba. Azken finean, iragana ahaztu ez, oraina ilusioz ikusi eta poztasunez beteriko etorkizunaren aldeko apustu egiten duen Kluba.