Gaur Araba Gunean ASAFIMA izan dugu bisitari. Irabazteko asmorik gabeko elkarte hori 2003an sortu zen, fibromialgiak eta neke kronikoaren sindromeak jotakoen bizi kalitatea hobetzeko xede nagusiarekin.
Haren xedeetako bat da gizartea oro har informatu eta sentsibilizatzea gaixotasunaren inguruan, gaixotasun horiek aitortu eta errespetatu daitezen osasungintzan, gizartean, lanean eta erakundeetan. Beste xedeetako bat da babesa eta gaixotasunarekin loturik pertsona bakoitzak dauzkan premia eta ezaugarriei egokituriko laguntza ematea. Horrez gain, fibromialgiarekin eta neke kronikoarekin zerikusia duten azterlan eta ikerketak sustatu eta babestu nahi dira.
Gonbidapen honen bitartez, Arabako Foru Aldundiak goretsi egin nahi du gaixotasun honek jotako pertsonen alde elkarte horrek egindako lana.